Mikel Laboa kantari eta musikagilea, azken hilabeteak gaixorik eman ondoren, 74 urte zituela hil zen. Pasa den abenduan bertan, Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzekoa zen kantaria euskal musikagintzari egin dion ekarpenagatik eta egindako ibilbide luze eta zabalagatik.
1934an jaio zen Donostian, Gerra Zibilaren ondorioz haurtzaroaren zati handi bat Lekeition pasatu zuelarik, psikiatria ikasi zuen batxilergoa egin ondoren eta ia 20 urtez aritu zen lanean Donostiako Haur Psikiatriko San Miguel Patronatuan. Haurtzaroa Lekeition igarotzeak eragin handia izan zuen berarengan, Lekeitioak bilduman erakutsi zuen moduan.
Lehen kantaldia 1958. urtean egin zuen Iruñeko Gaiarre antzokian. 60ko hamarkadan berriz, Ez Dok Amairu talde kulturaleko kide izan zen eta diktadura frankistaren garaian euskara berreskuratzeko eta euskararen duintasuna nabarmentzeko lan handia egin zuen, Benito Lertxundi, Joxe Anton Artze, Xabier Lete eta beste askorekin batera. Benito Lertxundirekin batera, Laboa euskal kantagintza berriaren erakusgarri handiena izan zen.
1974. urtean kaleratu zuen Bat-Hiru diskoa euskal musikagintzaren historiako disko onenentzat jo izan da eta artistaren zenbait kantu (besteak beste, "Txoriak txori", "Gure hitzak", "Haika mutil", "Baga Biga") ezinbestekoak dira euskal folklorean.
Laboak 44 urtez aritutakoan musika munduan, 11 disko utzi dizkigu. Argitaratutako azken lana Lekeitioak diskoaren argitalpen digitala izan zen. Aurretik, 2005ean, Xoriek 17 bilduma kaleratu zuen eta disko hori zuzenean aurkezteko egin zituen azken agerraldiak. 2006ko uztailean Bob Dylanek Donostiako Zurriola hondartzan eman zuen kontzertuan, Laboak hasieran parte hartu zuen, artista gonbidatu gisa. Geroztik, artistak ia ez du agerraldirik egin, osasunez eskas zebilelako. Azkenaldian okerrera egin omen zuen eta, azkenean, abenduaren 1ean hil zen Mikel Laboa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario