miércoles, 7 de enero de 2009

Carlos Santana, historiako gitarrista jotzailerik onena?


Jaio zenetik blues-rock eta jazz-rock gitarra-jotzailea musikari lotuta egon da. Gaur egun, ez dago bera bezalako gitarra jotzailerik, jotzeko modu hori munduko bereizgarrienetako bat delarik.

Carlos Alberto Santana Barragán, Mexikon jaio zen duela 61 urte, agian inoizko gitarristarik onena. Aita mariachi talde bateko biolinista izateak txikitatik Santana biolina jotzera bultzatu zuen; hala ere, zortzi urte zituenerako gitarra jotzen maila handia erakutsi zuen. Bere herriko Tijuana Strip bandan hasi zuen ibilbidea baxu elektrikoa jotzen. Javier Batiz rock gitarra-jotzailea ezagutu zuen han, eta bertako tabernetan jotzen hasi zen berarekin batera. Lehenengo urte horiek bere estiloa hobetzeko eta soinu propioa bilatzeko balio izan zitzaizkion.

60ko hamarkadan, bere familia San Franciscora (AEB) joan zen. Horrela, jaioterrian ikasitakoari beste kultur eragin eta estilo batzuk gaineratu zizkion. 18 urte zituela, Jimi Hendrix aho zabalik utzi zuen bere kontzertuetako batean hasierako artista gisa aritu zenean.

Ospea 1966an heldu zitzaion Santana Blues Band taldearekin, gerora Santana izena hartuko zuena. Erritmo latindarrak eta rock musika batu zituen Santanak, eta nahasketa ikaragarri horrek 1969ko Woodstock Jaialdirako txartela eman zion bere taldeari.

Gitarrista mexikarrak Columbia Records konpainiarekin kontratua sinatu zuen eta taldeak Santana diskoa kaleratu zuen. Lan horrek, geroago grabatu zituzten disko gehienak bezala, arrakasta handia lortu zuen. Baina guzti horrek ez zuen gehiegi iraun eta taldea desegin egin zen. Taldearen arima Carlos izan zenez, bera geratu zen taldearen izenarekin. 1970. eta 1980. urteen artean hainbat album argitaratu zituen, eta hainbat musikari handirekin elkarlanean aritu zen.

90eko hamarkadan, amaitutzat eman zuen Columbiarekin zuen kontratua eta hortik aurrera, Polygram eta Artista Records diskoetxeekin egin du lan. Urte horietan kaleratu zituen diskoek ez zuten arrakastarik lortu, baina kontzertuetan talentu handia erakusten jarraitu zuen. 1999. urtean Supernatural lanak maila gorenera eraman zuen berriro. Maná, Lauryn Hill eta Eric Clapton artisten kolaborazioak lagun, platinozko 25 disko lortu zituen, 12 hilabetez Billboard zerrendaren buru izan zen eta 9 Grammy sari irabazi zituen. Horren ostean, 13 album argitaratu ditu; azkena, The Father, Son and the Holy Ghost, aurten.

Bere ibilbide luzean, Carlos Santanak etengabe egin du aurrera eta pertsona gisa ere asko hazi da disko batetik bestera. Musikari ausarta da, bere jatorri latindarrak beste estilo askorekin uztartu baititu, batez ere rock, jazz eta blues estiloekin. Nahasketa bitxi horien bidez, hainbat sari lortu ditu. Halaber, Urteko Gitarrista Onenaren saria jaso du behin baino gehiagotan eta Musika Latindarraren Legenda izendatu zuten 1997an.

Musikari mexikarra historiako gitarrista onenetarikoa da, agian onena eta ezin da inorekin alderatu. Gitarrista bikainak egon dira, daude eta egongo dira, baina zaila izango da Carlos Santanaren moduko estilo berezia sortu duen beste inor aurkitzea.

.

No hay comentarios: