miércoles, 7 de enero de 2009

Ez dok amairu


Ez dok amairu diktadura frankista garaian, 1965ean, sortutako euskal mugimendu kulturala izan zen. Euskal kultura zigortua berreskuratzeko borrokan ibili zen eta garrantzi handia lortu zuen 60ko eta 70eko hamarkadetan.

60ko hamarkadatik Franko diktadorea hil arte, euskal kulturaren susperraldia aberatsa izan zen Euskal Herri osoan eta euskal gizarteak kultura eta arte-sorkuntza zabaltzeko zein hizkuntza berreskuratzeko nahia erakutsi zuen; ordura arte, zapaldua, murriztua, mugatua eta jazarria izan zen kultura.

1966ko martxoa eta 1972ko abendua bitartean, Ez dok amairu musika taldeak diktaduraren debeku eta zentsurei aurre egin zien eta euskararen eta euskal ohituren garapenaren alde lan egin zuen, horiek euren garairik latzenak bizi baitzituzten frankismoan. Proiektu honen parte hartzaileak Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Jose Angel eta Juan Miguel Irigaray anaiak, Xabier Lete, Joxean eta Jexux Artze txalapartariak, eta Julen Lekuona izan ziren. Era berean, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistek ere eragina izan zuten horretan.

Ez dok amairu, goian aipatu bezala, 1965ean Gipuzkoan sortu zen, baina Euskal Herri osoan eragina izan zuen, garaiko giro itogarrian haize berria suposatu baitzuen. Sasoi ilunak izan ziren eta egoerari buelta emateko gogoa nabaria zen euskal gizartearen baitan. Nahi horri erantzunez, kanta oihu bilakatu zen, aldarrikapenaren eta borrokaren bidea.

Taldekideek beraiek osaturiko abestiak plazaratu zituzten, kanta konprometituak eta landuak. Horrela euskal kanta berria sortu zuten, estilo tradizionala eta berriak elkartuz.
Ez dok amairu indibidualtasuna aberasteko elkartu zen eta taldekide bakoitzak bere jarrera, ekintza eta esperientziaren berri ematen zuen taldearen baitan. Horrela, bandak lan osatu bat egin zuen, eta aldi berean, honek taldekide bakoitzarengan eragina izan eta euren jakitatea aberastu zuen.

Mugimendu abangoardista horren izena Jorge Oteizak proposatu zuen. Orioko eskultoreak Resurrecion Maria Azkueren ipuin bizkaitar batean, San Martinen estutasuna ipuin herrikoian, oinarritu zen; horrek hamahiruaren malefizioa apurtu zela kontatzen zuen. Oteizaren ametsa euskal eskola bat sortzea zen, kanta, estetika mundua, forma, kultura eta literaturaren artean lotura bat sortzea. Euskal kultura berreskuratze aldera, diziplina artistiko guztiak bilduko zituen mugimendua sortzeko asmoa zuen, baina kantagintza izan zen hobeto mamitu zen arloa.
Taldea 1972an desegin zen "Baga, biga, higa" ikuskizuna aurkeztu ondoren, tartean diktadura amaituta ez zegoela. Ordutik, partaideek euren ibilbidea jarraitu dute, euskal musika eta kulturaren erreferente bihurtuz.

Mikel Laboa eta Benito Lertxundi arrakasta gehien lortu duten bakarlariak dira, bakoitzak hamarna lan kaleratuz. Gaur egun, Lertxundi oraindik lanean jarraitzen du, Laboa berriz, pasa den hilean hil zen. Taldeko beste bi partaide azken urteetan hil dira, Julen Lekuona idazlea 2003an, eta Lourdes Iriondo, aldiz, 2005ean, denbora asko gaixorik egon ondoren.

Horrez gain, Euskaltzaindiak taldearen ibilbidea berreskuratzeko erakusketa bat antolatu zuen iaz. Erakustaldiak testuak, argazkiak, egunkari-zatiak, zentsurarekin erlazionatutako dokumentuak, taldekideen diskoen portadak eta emanaldi eta ikuskizunen kartel eta posterrak bildu zituen. Material horrek taldearen etapa eta bizipen ezberdinak birsortu zituen, banda sortu eta desegin arte, komunikabideekin izan zituzten harremanetatik igaroz.

No hay comentarios: