miércoles, 7 de enero de 2009
Mikel Urdangarin
Begietara begiratuz gero, onena oraindik iristeko dagoela adierazten dizu bere begirada bareak, eta bere hizkera lasaiak beste dimentsio batera eramaten zaitu. Dimentsio horretan, bere musika leuna goxo-goxo barnera daiteke, erritmo konstante batez eta tema handiz, bere abestietako hitzak esanahai sakona baitute.
Mikel Urdangarin 1971n Zornotza Etxano-Amorebietan jaio zen. Ez zen ume bereziki bizkorra izan, baina ume garaiko adiskideak adin horri dagozkion gauzetan aritzen ziren bitartean, kantautore gazte hau bere lehen gauzatxoak egiten hasia zen ahozko inprobisazioaren alorrean. Jada bertsolari bihurturik, Urdangarin bertsoen alor hori probatzen joan zen lehenik, baina geroago, ohartu zen bere literatura poetikoak doinu aberatsagoen laguntasuna eskatzen ziola, bere mezuaren esanahi sakona indartzen lagunduko ziotenak.
Eta horrela, hutsera jauzi egin zuen, kantautore bihurtutako gaztetxo baten sinesmen pertsonala beste babesgarririk ez zuela; bere ekarpena, berriz, zenbait abesti xume, historia pertsonal baina pasio handiko batzuk eta komunikaziorako gaitasun mugagabe bat besterik ez.
Kantautore berria dugu beraz, aurrekoekin zorretan dagoena, jakina, baina halaber, bizitasun handikoa, aurrez urratu gabeko bide propioa eta besteren nortasun adierazgarririk gabea bilatzeko irrika bizia duena.
Badira Hiru Aste lanean, berriz, artista modura agertzen zaigu, soinurako duen berezko gaitasuna egunerokoaren naturaltasunez bereganatu duena, baina beti zuzeneko harremana gordeko du adiskideen lurraldeekin (Eskozia) eta lehenagokoekin (Bertsolaritza).
Bere burua nabarmendu baino lehenago merezimenduak besteekin banatzea nahiago izan duen gazte honek orain arte erabilitako formula dugu, eta are nabarmenagoa geratzen da bere bizitzako hurrengo kapituluan: hain zuzen ere, alor ugari besarkatzen dituen Bar Puerto (2001) lanean. Kirmen Uribe egilearen testu baten gainean egindako berrirakurketa egokia da, eta bertan, literatura, musika eta bideoa uztartzen zaizkigu; disko-liburu bihurturik, salmenta-errekor guztiak apurtu zituen Durangoko Euskal Disko eta Liburuen Azokan.
Arrakasta itzelari emandako erantzuna lan barnerakoi bat dugu «benetan inporta zaidan jendeari eskainia; hurbileko jendeari, lagun eta senitartekoei, nire eragina jaso dezaketen eta nigan ere eragina izan dezaketen pertsona horiei, hain zuzen». Heldu Artean (2002) da lan horren izenburua, eta dozena bat abesti berri horiek baikortasunez beterik ageri zaizkigu pentagramaren bazter guztietatik.
Dana dugu bere abesti bilduma berriaren izenburua, horixe delako lehentasun nagusia, lehenengotik azkeneraino, gauzak ongi egiten esperientzia handia lortu duten laguntzaile talde baten inguruan zaildutako kantautore honentzat.
«30 urte dauzkat eta pertsona gisa egiten edo desegiten ari naiz dagoeneko. Horren azpian datzan mezua hauxe da: bizi garen mundu hau desastre hutsa den arren, bizitza oraindik ere ederra da eta merezi du, azken batean, den bezala bizitzea, bere gauza txar eta on guztiekin».
Carlos Santana, historiako gitarrista jotzailerik onena?
Jaio zenetik blues-rock eta jazz-rock gitarra-jotzailea musikari lotuta egon da. Gaur egun, ez dago bera bezalako gitarra jotzailerik, jotzeko modu hori munduko bereizgarrienetako bat delarik.
Carlos Alberto Santana Barragán, Mexikon jaio zen duela 61 urte, agian inoizko gitarristarik onena. Aita mariachi talde bateko biolinista izateak txikitatik Santana biolina jotzera bultzatu zuen; hala ere, zortzi urte zituenerako gitarra jotzen maila handia erakutsi zuen. Bere herriko Tijuana Strip bandan hasi zuen ibilbidea baxu elektrikoa jotzen. Javier Batiz rock gitarra-jotzailea ezagutu zuen han, eta bertako tabernetan jotzen hasi zen berarekin batera. Lehenengo urte horiek bere estiloa hobetzeko eta soinu propioa bilatzeko balio izan zitzaizkion.
60ko hamarkadan, bere familia San Franciscora (AEB) joan zen. Horrela, jaioterrian ikasitakoari beste kultur eragin eta estilo batzuk gaineratu zizkion. 18 urte zituela, Jimi Hendrix aho zabalik utzi zuen bere kontzertuetako batean hasierako artista gisa aritu zenean.
Ospea 1966an heldu zitzaion Santana Blues Band taldearekin, gerora Santana izena hartuko zuena. Erritmo latindarrak eta rock musika batu zituen Santanak, eta nahasketa ikaragarri horrek 1969ko Woodstock Jaialdirako txartela eman zion bere taldeari.
Gitarrista mexikarrak Columbia Records konpainiarekin kontratua sinatu zuen eta taldeak Santana diskoa kaleratu zuen. Lan horrek, geroago grabatu zituzten disko gehienak bezala, arrakasta handia lortu zuen. Baina guzti horrek ez zuen gehiegi iraun eta taldea desegin egin zen. Taldearen arima Carlos izan zenez, bera geratu zen taldearen izenarekin. 1970. eta 1980. urteen artean hainbat album argitaratu zituen, eta hainbat musikari handirekin elkarlanean aritu zen.
90eko hamarkadan, amaitutzat eman zuen Columbiarekin zuen kontratua eta hortik aurrera, Polygram eta Artista Records diskoetxeekin egin du lan. Urte horietan kaleratu zituen diskoek ez zuten arrakastarik lortu, baina kontzertuetan talentu handia erakusten jarraitu zuen. 1999. urtean Supernatural lanak maila gorenera eraman zuen berriro. Maná, Lauryn Hill eta Eric Clapton artisten kolaborazioak lagun, platinozko 25 disko lortu zituen, 12 hilabetez Billboard zerrendaren buru izan zen eta 9 Grammy sari irabazi zituen. Horren ostean, 13 album argitaratu ditu; azkena, The Father, Son and the Holy Ghost, aurten.
Bere ibilbide luzean, Carlos Santanak etengabe egin du aurrera eta pertsona gisa ere asko hazi da disko batetik bestera. Musikari ausarta da, bere jatorri latindarrak beste estilo askorekin uztartu baititu, batez ere rock, jazz eta blues estiloekin. Nahasketa bitxi horien bidez, hainbat sari lortu ditu. Halaber, Urteko Gitarrista Onenaren saria jaso du behin baino gehiagotan eta Musika Latindarraren Legenda izendatu zuten 1997an.
Musikari mexikarra historiako gitarrista onenetarikoa da, agian onena eta ezin da inorekin alderatu. Gitarrista bikainak egon dira, daude eta egongo dira, baina zaila izango da Carlos Santanaren moduko estilo berezia sortu duen beste inor aurkitzea.
.
Ez dok amairu
60ko hamarkadatik Franko diktadorea hil arte, euskal kulturaren susperraldia aberatsa izan zen Euskal Herri osoan eta euskal gizarteak kultura eta arte-sorkuntza zabaltzeko zein hizkuntza berreskuratzeko nahia erakutsi zuen; ordura arte, zapaldua, murriztua, mugatua eta jazarria izan zen kultura.
1966ko martxoa eta 1972ko abendua bitartean, Ez dok amairu musika taldeak diktaduraren debeku eta zentsurei aurre egin zien eta euskararen eta euskal ohituren garapenaren alde lan egin zuen, horiek euren garairik latzenak bizi baitzituzten frankismoan. Proiektu honen parte hartzaileak Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Jose Angel eta Juan Miguel Irigaray anaiak, Xabier Lete, Joxean eta Jexux Artze txalapartariak, eta Julen Lekuona izan ziren. Era berean, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistek ere eragina izan zuten horretan.
Ez dok amairu, goian aipatu bezala, 1965ean Gipuzkoan sortu zen, baina Euskal Herri osoan eragina izan zuen, garaiko giro itogarrian haize berria suposatu baitzuen. Sasoi ilunak izan ziren eta egoerari buelta emateko gogoa nabaria zen euskal gizartearen baitan. Nahi horri erantzunez, kanta oihu bilakatu zen, aldarrikapenaren eta borrokaren bidea.
Taldekideek beraiek osaturiko abestiak plazaratu zituzten, kanta konprometituak eta landuak. Horrela euskal kanta berria sortu zuten, estilo tradizionala eta berriak elkartuz.
Ez dok amairu indibidualtasuna aberasteko elkartu zen eta taldekide bakoitzak bere jarrera, ekintza eta esperientziaren berri ematen zuen taldearen baitan. Horrela, bandak lan osatu bat egin zuen, eta aldi berean, honek taldekide bakoitzarengan eragina izan eta euren jakitatea aberastu zuen.
Mugimendu abangoardista horren izena Jorge Oteizak proposatu zuen. Orioko eskultoreak Resurrecion Maria Azkueren ipuin bizkaitar batean, San Martinen estutasuna ipuin herrikoian, oinarritu zen; horrek hamahiruaren malefizioa apurtu zela kontatzen zuen. Oteizaren ametsa euskal eskola bat sortzea zen, kanta, estetika mundua, forma, kultura eta literaturaren artean lotura bat sortzea. Euskal kultura berreskuratze aldera, diziplina artistiko guztiak bilduko zituen mugimendua sortzeko asmoa zuen, baina kantagintza izan zen hobeto mamitu zen arloa.
Mikel Laboa eta Benito Lertxundi arrakasta gehien lortu duten bakarlariak dira, bakoitzak hamarna lan kaleratuz. Gaur egun, Lertxundi oraindik lanean jarraitzen du, Laboa berriz, pasa den hilean hil zen. Taldeko beste bi partaide azken urteetan hil dira, Julen Lekuona idazlea 2003an, eta Lourdes Iriondo, aldiz, 2005ean, denbora asko gaixorik egon ondoren.
Horrez gain, Euskaltzaindiak taldearen ibilbidea berreskuratzeko erakusketa bat antolatu zuen iaz. Erakustaldiak testuak, argazkiak, egunkari-zatiak, zentsurarekin erlazionatutako dokumentuak, taldekideen diskoen portadak eta emanaldi eta ikuskizunen kartel eta posterrak bildu zituen. Material horrek taldearen etapa eta bizipen ezberdinak birsortu zituen, banda sortu eta desegin arte, komunikabideekin izan zituzten harremanetatik igaroz.
Mikel Laboa, euskal musikaren erreferentea
Mikel Laboa kantari eta musikagilea, azken hilabeteak gaixorik eman ondoren, 74 urte zituela hil zen. Pasa den abenduan bertan, Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzekoa zen kantaria euskal musikagintzari egin dion ekarpenagatik eta egindako ibilbide luze eta zabalagatik.
1934an jaio zen Donostian, Gerra Zibilaren ondorioz haurtzaroaren zati handi bat Lekeition pasatu zuelarik, psikiatria ikasi zuen batxilergoa egin ondoren eta ia 20 urtez aritu zen lanean Donostiako Haur Psikiatriko San Miguel Patronatuan. Haurtzaroa Lekeition igarotzeak eragin handia izan zuen berarengan, Lekeitioak bilduman erakutsi zuen moduan.
Lehen kantaldia 1958. urtean egin zuen Iruñeko Gaiarre antzokian. 60ko hamarkadan berriz, Ez Dok Amairu talde kulturaleko kide izan zen eta diktadura frankistaren garaian euskara berreskuratzeko eta euskararen duintasuna nabarmentzeko lan handia egin zuen, Benito Lertxundi, Joxe Anton Artze, Xabier Lete eta beste askorekin batera. Benito Lertxundirekin batera, Laboa euskal kantagintza berriaren erakusgarri handiena izan zen.
1974. urtean kaleratu zuen Bat-Hiru diskoa euskal musikagintzaren historiako disko onenentzat jo izan da eta artistaren zenbait kantu (besteak beste, "Txoriak txori", "Gure hitzak", "Haika mutil", "Baga Biga") ezinbestekoak dira euskal folklorean.
Laboak 44 urtez aritutakoan musika munduan, 11 disko utzi dizkigu. Argitaratutako azken lana Lekeitioak diskoaren argitalpen digitala izan zen. Aurretik, 2005ean, Xoriek 17 bilduma kaleratu zuen eta disko hori zuzenean aurkezteko egin zituen azken agerraldiak. 2006ko uztailean Bob Dylanek Donostiako Zurriola hondartzan eman zuen kontzertuan, Laboak hasieran parte hartu zuen, artista gonbidatu gisa. Geroztik, artistak ia ez du agerraldirik egin, osasunez eskas zebilelako. Azkenaldian okerrera egin omen zuen eta, azkenean, abenduaren 1ean hil zen Mikel Laboa.